Debagoieneko egoera energetikoa eta energia komunitateak aurkezteko hitzaldiak
Leintz Bailarako Ekiolak Debagoiena 2030 antolaturiko hitzaldietan parte hartuko du Leintz Gatzaga, Eskoriatzan, Aretxabaletan eta Arrasaten, asteon hasita. Horietan, Debagoieneko herrietako egoera energetikoa eta energia-komunitateak aurkeztuko dira; horien artean Leintz Bailarako Ekiolaren bazkide izatearen abantailak azalduko dira eta bazkide egiteko prozesua ere azalduko da. Hitzaldiok Debagoiena 2030 ekimenarekin eta herrietako udalekin elkarlanean antolatutakoak dira, urtarrilean aurkeztu zuten Energiaren Puntua energia-komunitateen sustapenerako bulegoaren testuinguruan.
Hitzaldietan lehena bihar, martxoaren 14an, egingo da, Leintz Gatzagako Ludotekan, 18:00retan. Hizlariak, Debagoiena 2030eko Aritz Ameztegi eta Leintz Bailarako Ekiolako Errektore Kontseiluko Aritz Otxandiano izango dira.
Hitzaldiak elkarlanean
Debagoiena 2030 ekimenak egingo du hitzaldiaren lehen zatia eta horretan, Tecnaliak egindako azterketaren emaitzak azalduko dituzte. Izan ere, Tecnaliak Debagoieneko egoera energetikoaren diagnostikoa egin du eta baita ahalmenaren estimazio bat ere. Alegia, biomasatik eta Debagoieneko teilatuetan plaka fotovoltaikoak jartzetik zein energia eskari hornitzera iritsiko litzatekeen. Horren gaineko xehetasunak emango ditu Debagoiena 2030eko energiaren arloko arduradun Aritz Ameztegik.
Ondoren, Leintz Bailarako Ekiolako Errektore Kontseiluko eta Fagorreko iraunkortasun arduradun Aritz Otxandianok hartuko du hitza. Hark azalduko ditu Leintz Bailarako Ekiolaren gainekoak. Nola irabazi asmorik gabe egituratutako kooperatiba den, nola bazkideen kontsumora bideratutako zero kilometroko energia berriztagarria sortzea duen helburu, nola burujabetza energetikoan irabazteko modu jasangarria eskaintzen duen, Leintz Bailarako Ekiolako bazkide izateak nork bere aztarna ekologikoa gutxitzeko modua eskaintzen duen edota tokiko energia trantsizioan agente aktibo izateko modua den.
Hitzaldien datak
- Leintz Gatzaga: Martxoak 14, 18:00retan, Ludotekan.
- Eskoriatza: Martxoak 18, 18:00retan, Ibarraundi Museoan.
- Aretxabaleta: Martxoak 21, 18:00retan, Osoko Bilkuren aretoan.
- Arrasate: Apirilak 10, 18:30ean, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan.