Leintz Bailarako Ekiolak bukatu du eguzki plaken instalazioa

  • Abenduaren 18tik aurrera online, pausoka eta erraz egin ahalko da Leintz Bailarako Ekiolako bazkidetza prozesua
  • Izaera herrikoiko jarduerak eta sare sozialak baliatuko ditu Leintz Bailarako Ekiolak komunitatea erronka energetikoen inguruan kontzientziatzeko

Polo Garaian kokatutako parkea bukatuta du Leintz Bailarako Ekiolak, eta bi urratsen zain dago energia ekoizten hasteko. 2,1 x 1,15 metro neurtzen duten 500 Watioko 2.520 panel daude, urtean gutxi gorabehera 1.375 MWh sortzeko. Aurreikusi bezala, 550-600 familiaren beharrak asetzeko beste da hori. Halaber, bazkideentzat kontsumo horren kostua “jasangarria eta egonkorra” izango dela adierazi du Jon Loiti kooperatibako lehendakariordeak, merkatu elektrikoan egongo diren aldaketak ekidingo direlako.



Loitik jakinarazi du kooperatiba urritik dagoela bi urratsen zain: “Gure esku dauden faseak amaitu dira, eta kanpoko eragileen jarduketen menpe gaude”. Parkean sortutako energia elektrizitatea banatzeko sare orokorrean injektatzea ahalbidetuko duen konexioa martxan jartzeko zain dago Leintz Bailarako Ekiola. “Hori banatzailearen (I-DE Redes Eléctricas Inteligentes) lana da eta urtarrileko lehenengo astean egitea espero da. Sarera konektatzea posible denean, administrazio bidezko legeztatze prozesua hasiko da. Baimen hori ezinbestekoa da instalazioa bazkideentzat energia ekoizten has dadin. Nolanahi ere, praktikan, eragile horien gainean eragiteko oso gaitasun txikia dugu”, zehaztu du lehendakariordeak. 


Maite Iturbe komunikazio arduradunak Euskal Autonomia Erkidegoko beste Ekiola ekimen batzuetan izandako epeak aztertu ditu: “Leintz Bailarako Ekiola ahalik eta lasterren abiatzea nahi dugu, baina gaur egun ezin dugu data zehatzik bermatu. Hala ere, gainerako ekimenetan kusitako epeak geure egiten baditugu, Leintz Bailarako Ekiola 2024ko apirila aldera jar liteke martxan”.

Horren harira, Errektore Kontseiluaren izenean, Iturbek eskerrak eman dizkie bazkideei: “Badakigu tarte honetan pazientziaz ari zaretela jokatzen. Aste batzuen buruan eta instalazioa martxan jarri baino lehen, harremanetan jarriko gara hornitzailearen kontratu berriak nola eragingo duen jakinarazteko, jasoko dugun faktura eredua azaltzeko eta gure kontsumo-ohiturei buruz aholkatzeko, ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko”.

Webgunean izena emateko aukera
Webgunea birmoldatzen ari da Leintz Bailarako Ekiola eta izen-emate prozesua online egiteko erraztasunak jarri ditu. “Abenduaren 18tik aurrera prest egongo da prozesuak behar bezala egiteko, hasieratik amaierara. Erraza da, baina inork zalantzarik badu, gurekin harremanetan jar daiteke e-mailez edo sare sozialen bidez”, gehitu du Iturbek.

Lau urrats egin behar dira. Lehenik eta behin, bazkide egin nahi duten pertsonek lehen inprimaki bat bete beharko dute, datu pertsonalak eta harremanetarako bideak jarrita.

Ondoren, interesdunek formulario bat jasoko dute posta elektronikoz, urteko kontsumo elektrikoa adierazteko edo, bestela, kontsumo hori balioesteko, azalerari, instalazio elektrikoei eta etxebizitzaren edo lokalaren erabiltzaileei buruzko galdera batzuei erantzunez. Urteko kontsumo elektrikoaren datua beteta, interesdunei kooperatibara batu ahal izateko gehitu beharko duten kapitalaren zenbatekoa bidaliko zaie, estatutu sozialekin batera, eta bi aldeen artean formalizatu beharreko kontratuaren baldintza orokorrekin batera.

Hirugarren urrats gisa, 10 egun baino gutxiagoko epean mezu elektroniko bat jasoko da. Bertan, aurreko dokumentazioa aztertu ondoren eta bazkide izateko interesa mantentzen badute, NANaren kopia bidali beharko dute bi aldeetatik eta egindako banku-transferentziaren egiaztagiria, ekarpenaren zenbatekoarekin.

Bi dokumentuak jasotzean eta eskabidea behar bezala beteta badago, laugarren urrats gisa kontratua bidaliko zaie interesdunei, bazkide kontsumitzaile gisa, sina dezaten. Horrela, eskaera erabat formalizatuta egongo da Kontseilu Errektoreari aurkezteko, eta hark, onartu ondoren, kooperatibarekin bat egiten duela jakinaraziko dio interesdunari.

Kontzientzia gizarteratzeko urratsak

Izen-emateei lotuta, Iñaki Aranburu Leintz Bailarako Ekiolako lehendakaria gogorarazi du kooperatibako bazkide izateko aukera zabalik dagoela: “Leintz Bailarako Ekiola ekonomikoki babestuta dago dagoeneko, baina oraindik badago lekua bazkide berrientzat. Garrantzitsua da mezu hau azpimarratzea, izan ere, kooperatibaren helburua Leintz Bailarako herritarren artean energia jasangarrien kontsumoa sustatzea da, eta, ondorioz, bazkide gehiagorekin gure oinarri soziala zabaldu nahi dugu, bereziki, ezinbesteko energia-trantsizioan protagonista izan nahi duten familiekin”.

Itxaropentsu agertu da Aranburu eta kooperatibak komunitatearen kontzientzian eragiteko asmoa duela aurreratu du: “2024. urte berri honetan, Leintz Bailarako biztanleak aurrez aurre ditugun erronka energetikoen inguruan kontzientziatzeko ekimenak jarriko ditugu martxan. Izaera herrikoiko jarduera dinamizatzaileez gain, sare sozialetan ere murgilduko gara, eta beste komunikazio-tresna batzuk erabiliko ditugu kontsumo energetiko arrazionalagoa eta iraunkorragoa sustatzeko”.

Lehendakariak azaldu du “gizarte osoaren erantzukizuna” dela trantsizio energetikoari ekitea, eta Leintz Bailarako Ekiola eta energia berriztagarriak sustatzen dituzten gainerako proiektuak bide onetik doazela gehitu du. “Itxaropen izpiak ikusten ditugu eta eskualdeko familiak, norbanakoak edo negozio txikiak animatu nahi ditugu aldaketarekin bat egin dezaten”.